Guztiok dakigun moduan, euskara hizkuntza gutxiagotua (minoritarioa) da egun Euskal Herrian. Gaztelaniaren eta frantsesaren erabateko nagusitasunak euskara egoera larrira bultzatzen du, elebitasun desorekatuko egoerara, hau da, egoera diglosiko larrira. Gainera, mundializazioak erronka berriak sortu ditu hizkuntzaren normalizazioan.
Euskara normalizatzeko prozesuaren inguruan azken hamarkadetan herri mugimendu indartsua sortu da gurean euskararen alde. Hizkuntza politikari dagokionean, baina, gure herriaren zatiketa politiko-administratiboaren ondorioz hizkuntza politika ezberdinak ezagutu ditugu erakundeen aldetik, aldeko zein kontrakoak.
Hizkuntza bat jakiteak ez du bermatzen bere erabilera, eta egun, hori da lortu beharreko erronka. Horregatik ezinbestekoa da lan munduan euskara erabiltzea eta aisialdia ere euskaraz egitea.
Aisialdiaren erabileran, bereziki aipatu behar da haur eta gaztetxoen erabilera. Aisialdian hizkera ez formala erabiltzen da, eskolan irakasten ez dena, kalean erabiltzen dena hain zuzen, aisialdian. Aisialdia euskaraz bizitzea hau normalizatzeko gakoetako bat da. Hizkuntzak gozagarri izan behar du, ez gainditu beharreko irakasgai bat, ez betebehar bat, gehiago erabiliko badute. Ondo pasatzen dutenean euskaraz aritzea lortzen badugu, urrats handia izango da.
1 comentario:
Erabat ados. Jaurlaritzako legegile hezitzaileak konturatu behar dira jende askok euskera gainditu beharreko ikasgai bat bezala ikusten duela eta honek euskerari kaltea besterik ez diola ekartzen. Honetarako garrantzitsua da aisialdiak duen papera. Lagunen artean erabiltzen den hizkuntza sendotu egiten da. Kaleko hizkuntza da azken finean bizirik dagoena eta ez hizkuntza akademikoa. Hezkuntzan pixka bat lasaitu eta aisialdian jarri beharko lukete begia euskara idazteko.
Publicar un comentario